software garapena eta web aplikazioak

Elkarmedia, Urola Erdiko ekonomia sustatzaileen artean

2021 Dec 13 / bloga
lantaldea-kontaktua-elkarmedia

Urola Erdian errotutako enpresa aktiboa da elkarmedia. Azkoitian gaude eta 25 urte bete ditugu teknologia berrikuntzan bailarako eta inguruko enpresa eta eragileei gure zerbitzuak eskaintzen.

Jose Antonio Sudupe zuzendariak honela deskribatzen du egindako ibilbidea eta eguneroko jarduna: “Lana atsegin handiz egiten dugu. Proiektu berritzaile asko egiten ditugu eta, gainera, sormen handikoak, iraunkorrak eta ausartak dira horietako asko”. Aparteko lantaldea eta giroa ere nabarmentzen ditu.

Urolako herrietako aldizkariekin batera bazkideek etxean jaso duten GUKAk enpresei zuzendutako liburuxkan argitaratutako erreportaian eman ditu azalpenak J.A. Sudupek. Hona hemen, artikuluak biltzen dituen aipamenak:

elkarmediak ‘Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza’ (I+G+B) markan oinarritutako produktuak, baliabideak eta zerbitzuak bultzatzen ditu. Bezeroen prozesuak “optimizatuz”, eskaintza teknologiko eta sektorial berrien sorrera bultzatu, eta negozio eredu berrietan esku hartzen du. Tecnalia gune teknologikoarekin kolaboratzen du, eta ikerketetan eta produktuak kaleratzen laguntzen diete horiei. “Gure helburua proiektu berriak sortzea da. Gune teknologikoek demo proiektuak egiten dituzte enpresentzat. Eta guk jarraipena ematen diegu, enpresan errealitate bihurtu eta aplikatuz”.

enpresak-zerbitzu-informatikoak

Elkarlana “balio erantsitzat” ulertzen dute elkarmedia enpresan, eta sektore desberdinetara bideratzen dute lana: hezkuntza, industria enpresak, administrazioa, kulturgintza eta turismoa nahiz merkataritza. Industriarena da elkarmediarentzat sektore “garrantzitsuena”: Sidenor, Irizar, Juaristi, Xubi, FagorArrasate, Altuna y Uria, Ausolan. “Enpresei neurrira egindako aplikazioak ematen dizkiegu. Automatizatzeko dituzten prozesuak identifikatzen laguntzen diegu, baita horiek bideratzeko web aplikazioak eta mugikorreko irtenbideak eskaini ere. Horrez gain, web atari berriak ere sortzen dizkiegu”. Sortu dituen azken webguneak urolaturismoa.eus eta gipuzkoafutbola.eus izan dira.

Udalen bazkide teknologikoa ere bada elkarmedia. Erakundeetan aholkularitza eman eta administrazio elektronikoa txertatzen dute. Hezkuntza arlorako, berriz, “Inika” plataformaren sortzaileetakoa da elkarmedia. “Soluzio integrala” eskaintzen die ikastetxeei eta ikasleei, eta egun Euskal Herriko 200 ikastetxe eta 50.000 familia baino gehiagok erabiltzen dute Inika.

Euskal kultur arloan ere lan egiten du elkarmediak. 2017an, Euskal Kulturgintza S.A. (ELKAR) ekin harremanak sendotu genituen, eta harrezkero, euskal kultur enpresekin ere badihardu: Euskaltzaindia, Jakin aldizkaria, Elkar Argitaletxea… Era berean, merkataritza eta turismo arlorako zerbitzu digitalak eta online produktuak eskaintzen ditu enpresak, tokiko merkataritza eta turismoa “globalizazioaren aurrean indartzeko”. dendago.com da alor horretarako elkarmediak garatu duen plataforma.

Lana zenbait ardatzetan banatzen du elkarmediak; izan ere, software garapenaz eta webguneen diseinuaz gain, zibersegurtasun industriala ere eskaintzen dute. elkarmedia berrikuntzan ari da lan egiten, eta beren software proiektuetan adimen artifiziala sartzeko irizpideak ari dira egiten. “Arriskuan dauden enpresen segurtasun arazoei irtenbideak eskaintzen dizkiegu. Hori gutxi ez, eta urruneko laguntza eskaintzen duten tresnak eta zerbitzuak bideratzen ditugu. Egunero ari gara gizarteak egun eskatzen dituen eta ziurrenik etorkizunean eskatuko dituenei aurrea hartzeko lanean. Hori da elkarmediaren apustua”.